XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Industri lur nahikoa EAEn etorkizuneko beharretarako

GASTEIZ

EAEn industria kokatzeko badago lur erreserba nahikoa etorkizuneko beharrak betetzeko, atzo Jose Antonio Maturana Hirigintza sailburuak ziurtatu zuenez.

Maturanak Eusko Legebiltzarreko Batzordera jo zuen industri lurrari buruz bere sailak prestatu duen plan bat aurkezteko.

Plan horretan zehazten da industri lur azalera osoa 8.686 hektareakoa dela.

Azalera horretatik 5.545 hektarea beteta daude eta beste 3.141, berriz, bete gabe.

Hala ere, industriarako nahikoa lur egoteak ez du esan nahi kasu guztietan industriak kokatzeko lur eskaintza erreala dagoenik, askotan kontrakoa gertatzen baita, jabeak erreserbatuta duelako, urbanizatu gabe dagoelako edo lurraren egitura egokia ez delako.

Aurreko arazoa gorabehera, Industri Lurrerako Planak 1995 egongo den lur beharra, asko jota, 1.151 hektareakoa izango dela aurrikusten du.

Ondorioz, behar hau betetzeko arazoa ez da lur falta izango, baizik eta promozio eta gestiorako politika egokirik eza, Maturanaren ustez.

Planak industria garatu edo lurra egokitu beharreko zenbait gune bereizten du EAEn.

Horien artean Maturanak aipatu zituen Ibar Ezkerreko eta Eskuineko zenbait gune, Bizkaiko beste 25 udalerri, Gipuzkoan Irun, Errenteria, Eibar, Ermua eta Pasaia eta Araban, Gasteiz, Jungiz, Amurrio eta Agurain.